Gogoeta eguneratzen pandemiaren olatuen aurrean
2020ko maiatzean, COVID-19aren lehenengo olatuaren baitan, Euskal Herriko komunitate zientifikoak #EHPOSTCOVID19 manifestua plazaratu zuen, non ekonomia ekologiko baten beharra azpimarratzen zen. Ia 800 ikerlari eta zientzialarik, 200 eragilek eta milaka norbanakok babestu zuten manifestuan adierazitakoa.
COVID19-aren olatu desberdinek argi utzi dute sektore ekonomiko erresiliente bat behar dela gizartearen ongizatea bermatzeko, eta osasuna eta ekonomiaren artean lotura estua dela. Konturatu gara gurea bezalako herrialde baten egitura ekonomikoak, gizartearen ongizatea bermatzeko errenta eta lanpostuak sortzeaz gain, egoera berrietara egokitzeko ahalmena behar duela, garapen iraunkorrerako bidean.
Ataka historiko batean gaude, premiazkoa da trantsizio sozioekologikoa sustatzea, eredu ekonomikoa gizakion eta planetaren ongizatearekin txirikordatuz, iraunkortasuna eta bizigarritasuna modu justu, osasuntsu eta demokratikoan bermatzeko.
Ataka historiko batean gaude iraunkortasuna eta bizigarritasuna modu justu, osasuntsu eta demokratikoan bermatzeko
2020. urteko pandemiaren irakaspenak argiak dira:
- Osasun larrialdia eta ingurumen larrialdia elkarrekin lotuta daude ebidentzia zientifikoak dioenez: biodibertsitatearen galerak eta ekosistemen degradazioak handitu egiten du pandemien arriskua (ikusi IPBESen azken txostena). Beraz, pandemia berriak ekiditeko ezinbestekoa da natura errespetatzea;
- Gizakiok elkarrekiko inter-dependentzian bizitzeaz gain, eko-dependenteak gara, eta bizitzaren iraunkortasuna ardatz hartzeko momentu historikoan gaude;
- Pandemiak eragindako ekonomiaren (eta beraz, metabolismo sozialaren) geldialdiak aukera paregabea ere eskaintzen digu, ekonomia, osasuna eta ingurumenaren artean lotura iraunkor eta justua lortzeko; horretarako premiazkoa da gizartearen gogoeta;
- Gero eta argiago dago ere pertsonen eta gizartearen ongizateak trantsizio sozioekologikoa eskatzen duela; horrek norbanakoen, sektore pribatuaren eta administrazioen ekintzetan askoz ere isla gehiago behar du, beti ere erantzukizun partekatu baina ezberdinduak izanik; eta
- Zientziaren eta ezagutzaren balio estrategikoa nabarmen geratu da, eta larrialdi sozioekologikoari aurre egin ahal izateko eskura ditugun ebidentzia onenak baliatu behar ditugu.
Joan den maiatzean EHPOSTCOVID19 manifestua plazaratu zenetik gauza asko ikusi eta ikasteko aukera izan du gizarteak. Batetik, lehentasunen, eta beraz baloreen, arteko talkak nabarmendu dira: sektore batzuek eredu sozioekonomikoa berritu nahi duten bitartean, beste batzuk ekonomia eredu zaharraren bidetik suspertzeko ahaleginetan dabiltza; adibidez, ibilgailu pribatuen mugikortasuna eta kontsumo gizartea hauspotuz; edota, azpiegitura handiak tokian tokiko lehentasunen aurretik jarriz. Bestetik, ikusi dugu norbanakoen beldurrek gizartea paralizatzeko arriskua sortu dezakeela, eta ziurtasun zein adore falta trantsiziorako oztopo izan daitezkeela.
Zaintzaren balioa ere nabarmendu da, eta konturatu gara ongizatea bermatzeko beharrezkoa dela sektore publikoa suspertzea, azken hamarkadetan galdu duen laguntza berreraikiz eta/edo irauliz modu desorekatuan, desbalorizatuan eta ikusezinean emakumeen eta sektore ahulenen bizkarrean jarri diren lan guztiak.
Une garrantzitsua da pandemiaren irteera ikusteko, eta, horretarako, aurrerapen zientifikoak, gizartearen ahaleginak eta Europako funtsak baliatu beharko ditugu. Ekonomiaren berreraikitze horretan, naturaren degradazioaren eta pandemia berrien sorreraren arteko harreman arriskutsua aldatu ez den testuinguruan gaudelarik, batera ekin behar zaio osasun-larrialdiari eta larrialdi sozioekologikoari, eta konponbide integrala eman behar zaie biei. Horretarako, Europak ezarritako berreraikitze-funtsak nola esleitu eta kudeatu eztabaidatu beharko luke gizarteak, Europako Batzordeak berak adierazi eta gomendatzen baitu gizarte erresiliente eta iraunkorragoa eraikitzen hasteko.
Trantsizio sozioekologikoari bultzada emateko aukera ezin hobea irekitzen ari da. Maiatzeko manifestuan aipatzen ziren bost ardatzak eta ekonomia ekologikoa abiapuntu hartuta, hurrengo gogoeta eguneratu eta partekatu nahiko genuke gizartearekin.
Ekonomia berreraikitzean, batera ekin behar zaio osasun-larrialdiari eta larrialdi sozioekologikoari, gizartearen eztabaidarekin konponbide integrala emateko
1. Garapen eredua
Hazkunde ekonomikoa baino garrantzitsuagoak diren arloak nabarmen gelditu dira, hala nola, osasuna eta hezkuntzaren erresilientzia. Honek argi erakusten du gizartearen ongizatea ezin dela bakarrik eurotan neurtu. Hau horrela izanda, azken hilabeteotan berreskurapen ekonomikorako eta lanpostuak suspertzeko, munduko gobernuak hainbat norabide hartzen ari dira. Herrialde batzuetan (adib. EEBB) krisi ekonomikotik ateratzeko naturaren gain-ustiaketa bultzatzen ari dira, ingurumen araudiak indargabetuz eta epe motzerako etekina bilatzen duen ohiko eredu oldarkorrarekin jarraituz, nahiz eta gizartearen ongizatearen oinarria ahuldu. Beste herrialde batzuetan, Europar Batasunekoetan kasu, trantsizio berdearen aldeko apustua egin nahi dutela diote, energia berriztagarrien aldeko sektorea indartuz edota enplegua eta ongizatea bultzatuz adibidez, pandemia zein beste asalduren aurrean erresilientzia sustatzeko.
Barne Produktu Gordina (BPG) da ekonomiaren osasuna neurtzeko adierazlerik erabiliena. Baina BPGak ez ditu ongi atzitzen aberastasunaren banaketa, hezkuntza eta osasun egoerak, ez eta norbanakoen aukerak. Herrialde garatu deiturikoetan BPG maila batetik gora hazi arren gizartearen ongizatea ez da hein berdinean hazten. Are gehiago, ongizatea murriztu ere egin daiteke, banaketa desberdintasunak bitarte. Gizartearen garapena eta ongizatea modu egokian neurtzeko beste hainbat adierazle daude, besteak beste, Giza Garapenaren Indizea, Aberastasun Inklusiboaren Indizea edo funtsezko adierazleen bildumak, zenbait herrialdek (Eskoziak, Islandiak edo Zelanda Berriak kasu) jada kontutan hartzen dituztenak.
Egoera honen aurrean, hauexek dira gure proposamenak:
- Funtsezkoa eta iraunkorra ez den kontsumoa bultzatzen duten sektoreak murriztea, adib. jatorri fosil edo nuklearreko erregaien menpekotasuna eta meatzaritza. Europak esleitutako funtsek ohiko ekoizpen sektore nagusien presio-taldeei aurre egitea eta ingurumena (eta beraz gizartearen osasuna) errespetatzen ez duten jardueren menpekotasunetik urruntzea ahalbidetzen dute.
- Merkataritzan bertako produktu eta zerbitzuak saltzea eta ondasunak konpontzea eta berrerabiltzea, edo eraikuntzan energia eraginkortasuna, energia berriztagarri eta deszentralizatuaren ekoizpena, eta eraikinen zaharberritzea sustatzea.
- Europako Funtsen esleipena eta banaketa irizpide sozioekologikoetan oinarritzea. Beraz, inbertsio publikoa behar duten sektore produktiboak iraunkorrak ez diren jardueretatik bereizi egin beharko lirateke. Iraunkortasunaren alde egiten duten sektoreak babestu behar dira, eta ez indartu ingurumena suntsitu eta trantsizio sozioekologikoa oztopatu dezaketenak.
- BPG gizartearen garapena eta ongizatea neurtzeko mugatua izanik, haren ordezko adierazleak erabiltzea garapen iraunkorreko bidean laguntzeko eta Europak esleitutako funtsen eraginkortasuna neurtzeko. Euskal herritarron Giza Garapenaren Indizea munduko handienetakoa izanik, adierazle berriak erabiltzen hasi behar dugu, osasuna, ingurumena eta ekonomia modu integralean gizartearen ongizatean nola eragiten duten hobe adierazteko. Hauen bidez neurtu beharko litzateke Europako Funtsen errentagarritasun soziala.
2. Muga Sozioekologikoak
Pandemiak erakutsi digu naturaren mugak eta bizitza bera sostengatzen duten ziklo naturalak errespetatu ezean, gure ongizatea bera ere suntsitu dezakegula. Ebidentzia zientifikoak erakutsi du ekosistemen suntsipena gaixotasunaren oinarrian dagoela, eta hau azkarrago eta modu hilgarriagoak hedatu dela hiri kutsatuetan.
Gizartearen menpekotasun ekosistemikoa, beste herriekiko eta hurrengo belaunaldiekiko zor ekologikoa eta gure jardueren aztarnaren arteko harremana nabarmen geratu zaizkigu. Gure inguruko erkidegoen zein munduko batez bestekoaren aldean, ingurumen inpaktu handia du gure industria-, garraio- eta bizitza-ereduak. Adibidez, eguneroko eta oinarrizko jardueretarako behar ditugun lehengai eta produktu asko beste herrialdetatik datoz, eta hauen ekoizpenak eragin negatibo handia du ingurumenean eta planetaren osasunean.
Krisi multipolar baten garaian bizi gara. Ekologia, energia, klima, gizarte eta zaintzaren krisian, BPGaren hazkundearen helburua duen eredu ekonomikoaren ondorioz. Naturarekin dugun harremana gizarte barruan ditugun arazoetan islatzen da eta pandemiak gizartearen barne arazoak areagotu ditu: milaka familia eta pertsona zaurgarrientzat, txirotasunean edota langabezian daudenentzat. Pandemiak eragindako eragozpenek elkartasun ekimen eredugarriak piztu dituzte ere: egoera zaurgarrian daudenak laguntzeko sareak, gazteria eta pentsionisten aldeko mobilizazioak, baserritarren azoken defentsa. Esentzialak diren sektoreentzako premiazko neurriak abian jartzeko horren beharrezkoa eta erabilgarria den elkartasuna.
Egoera honen aurrean, hauexek dira gure proposamenak:
- Planetarekin bakean dagoen ekonomia baterantz modu planifikatuan joatea, egungo ereduaren desberdintasun jasanezinak murrizteko eta zaintzaren dimentsioa jarduera ekonomietan integratzeko, eguneroko errealitateak eta beharrizanak kontuan izanda.
- Euskal instituzio politiko eta administratiboek, pertsonak, natura eta bion aniztasuna zentroan jartzen dituen zaintza-sistema eta Oinarrizko Errenta Unibertsala garatzea, gure zaurgarritasuna eta ekosistemen zein elkarrekiko menpekotasuna onartuta.
- Euskal Herriko gizartean natura eta ongizatearen defentsarako eta elkartasunerako sareak indartu eta finkatzea, adibidez, topaketa eta antolaketa errazten duten komunitatearentzako lekuak eta ekimenekin. Krisialdiak gogorren astindu dituen pertsona eta kolektiboekiko elkartasuna aintzat hartzearekin batera, politika publikoetan egin beharreko hobekuntzak (osasungintza, hezkuntza, zaintzak, etxebizitza, energia, hondakinak, ura, garraio publikoa…) ezinbestekoak ditugu, baita tokian tokiko ondare eta kultura singularra azpimarratuz.
- Ekoizpen eta kontsumo ereduek muga biofisikoak errespetatu ditzaten sistemak indartzea, adibidez, zero-kilometroko eta edukiontzien zentzuzko kontsumoa bultzatuz, eta hondakinak minimizatuz eta lehengaien erabilera eraginkorra sarituz, epe motzerako etekin ekonomikoa bultzatu beharrean.
3. Fiskalitate berdea
Ekologikoa eta justua izango den fiskalitate sistema martxan jartzeko garaia da. Fiskalitatea instrumentu eraginkorra da, alde batetik, norbanakoek baliabide naturalen gehiegizko ustiapena saihesteko, eta bestetik, klima-larrialdiari eta ekosistemen degradazioari aurre egiteko. Gainera, fiskalitatea tresna estrategikoa da trantsizio ekologikoa finantzatzeko eta, bide batez, zientzian eta teknologian nahitaezko inbertsioetarako baliabideak lortzeko.
Azken hilabeteotan fiskalitatearen inguruan hainbat eztabaida piztu da gure inguruan. Adibidez, Europako Batzordeak CO2ari zerga bat jartzeko eztabaida abian jarri du, eta Europa kanpotik inportatzen diren ondasunak daramaten CO2aren arabera zergapetuko ditu. Honek bi helburu nagusi ditu: batetik Europan CO2en isurpenak gutxitzeko esfortzua areagotzea, CO2 isuritan intentsiboak diren ondasunen inportazioa saihestuz. Bestetik, hirugarren herrialde horiei mezu argia bidaltzea: Europan merkaturatzeko CO2 isurpenak murriztu behar dituztela. Beraz, Euskal Herria aro berri honi egokitu beharko zaio eta halako ekimenak marko fiskalean txertatzeko prestatu behar da ahalik eta lasterren.
Egoera honen aurrean, hauexek dira gure proposamenak:
- Europako Funtsak benetako trantsizio sozioekologikoa hauspotzeko erabili, baliabide hauek gure zergekin eta hurrengo belaunaldien zorpetzearekin finantzatuak izango baitira hein handi batetan.
- Herritarrok ordaintzen ditugun zergen zati bat udalerrietara birbanatzen diren heinean, zati hau udalerri mailan trantsizio sozioekologikora bideratu.
- ‘Klima errenta’ sortu, ingurumen zergek errenta-parekotasuna susta dezaten. Honek erregai fosilen erabilera zergapetuko lukeen sistema bat izango luke ardatz. Zerga honek errenta baxuko familietan izan ditzakeen eragin negatiboak ekiditeko, beronen bidez lortutako baliabideak gizartean birbanatuz. Hala, errenta handiko familiek erregai fosilen kontsumitzaile nahiko handiak izanik eta, neurri handi batean, gehiegizko metabolismo sozialaren erantzuleak izanik, ekarpen handiagoa egingo liokete errenta klimatikoari, eta, beraz, neurri handiagoan mantenduko lukete zerga-sistema berde berria. Sortutako errenta birbanatuz, baliabide gutxien dituzten familiek ez lukete beraien errenta gutxitua ikusiko, alderantziz baizik.
4. Mugikortasun jasangarria
Euskal eredu sozial eta ekonomikoaren jasangarritasun-eza nabarmen geratzen da mugikortasunaren eremuan. Garraioa bilakatu da klima aldaketa gehien suspertzen duen sektorea. Garraio-eskaintza etengabe handitzen duen eta automobil pribatua garraiobide hegemoniko duen lurralde- eta hiri-plangintzak azaltzen dute, neurri handian, egungo mugikortasun-ereduen jasangarritasun-eza. Autoa da garraiatutako pertsonako energia eta espazio gehien behar duen garraiobidea, kutsadura gehien sortzen duena, bai akustikoa bai atmosferikoa, eta baita istripu gehien sortzen dituena ere. Gainera, inpaktu horiek larriagotu egiten dira autoek okupazio-tasa txikiak dituzten heinean.
Baita, pandemian ikasi dugu aire-poluzioak, zeina batez ere garraiotik datorren, osasunerako kaltegarria izateaz gain, gaixotasun berrien aurrean sentikorragoak ere egin gaitzakeela.
Euskal Herrian garraioak igortzen dituen berotegi gasak 2030erako murriztea planteatu arren, abiadura handiko trenaren aldeko eta errepideko garraioaren elektrifikazioaren aldeko apustua egin da, nahiz eta akademikoki arbuiatua izan den euskal Y-ak klima aldaketaren aurkako borrokan laguntzen dueneko ideia, bai eta errepideko garraio elektrifikatuaren eraginkortasuna.
Egoera honen aurrean, hauexek dira gure proposamenak:
- Irisgarritasuna bermatzeko eta ibilgailu pribatuan mugikortasuna murrizteko lurralde-antolaketa hobea eta garraio-azpiegituren hedapen gutxiago behar dira. Mugikortasun jasangarrirako politiken giltzarria irisgarritasuna mugikortasun gutxiagorekin izan behar du.
- Garraioaren ohiko politikak berrorekatze modala bultzatu beharko luke, garraio modu jasangarrienak (ibiltzea, bizikleta eta garraio publikoa pertsonentzat eta ohiko trenbidea ondasunentzat).
- Hurbileko garraioaren garapen eta hobekuntzan inbertsioa lehenetsi, Euskal Herriko gizarte sakabanatuan lantokietara eguneroko mugikortasuna erraztuko duena. Mugikortasun kolektibo eta hurbileko inbertsioek lortzen dute luzaroko ongizate soziala eta gizartearen gehiengoarena, ez hala hiri handi gutxi batzuen artean bidaia-denbora murriztera mugatzen den azpiegitura handietan inbertitzeak.
5. Elikadura eta landa eremua
COVID-19aren krisiak irakaspen eta erronka garrantzitsuak erakutsi dizkigu, besteak beste, elikagaien ekoizpen- eta kontsumo-ereduaren inguruan, egungo eredu intentsibo eta ez iraunkorretik aldentzeko. Elikagaiei ez-ezik, krisiak lehen sektore osoari eragiten dio eta nabarmen geratu da herrialde bakoitzak bere oinarrizko elikagaiak ekoizteak duen garrantzia. Gainera, Euskal Herriko baserritar eta mugimendu sozialek euren eskubideen defentsan ekimen anitz aktibatu dituzte, tokiko sareen bitartez bertako elikagai osasuntsuak erostera deia eginez. Honek egiteko beste logika baten erakutsi digu: lan-dinamika horizontala, errespetuzkoa, kolektiboa, esperientziak partekatzen dituena.
Elikadura sistema modu integralean zaindu beharra aldarrikatzean, ikuspegi agroekologikoa eta feminista politizazio eta eraldatze prozesuen ardatzak direla ikasi dugu, ingurunea eta landa eremu biziak bermatzeko. Pandemiak, immunitateaz eta janari seguru eta aseptikoez harago, gure osasuna zerekin konektatuta dagoen begiratzera eraman gaitu, zaurgarritasunak eta interdependentziak ditugula ikusaraziz. Politika publikoak COVID-19aren krisian neurri kontraesankorrak hartu ditu; adibidez, herri-azokak itxi dira, saltoki eta enpresa handiekin lotutako janari ez-osasungarriari mesede egin zaien bitartean, edo laguntza publikoak ekoizpen eredu ez jasangarrietara bideratu dira (basogintzan ere) edota azalera handietan baserritarren elikagaiak saltzeko bitartekoak jarri dira elikagaien bidezko prezioen gaineko inolako aurrebaldintzarik jarri gabe.
Egoera honen aurrean, hauexek dira gure proposamenak:
- Erakundeek, enpresek eta norbanakoek, bakoitzak bere eskumen eta gaitasunetik, elikadura estrategiak eta trantsizio agroekologikorako prozesuak euren agendako lehen lerroetan sartzea. Hori da Euskal Herrian etorkizuneko landa inguru, lehen sektore eta elikadura sistema jasangarri, osasuntsu eta justu bat eraikitzeko bidea.
- Bertako eta agroekologikoak diren elikagaien aldeko apustua egitea erosketa eta sukalde publikoetan, horrek biztanleen osasunean ez ezik, lehen sektorearena ere bermatuko baitu.
- Trantsizio sozioekologikoa bultzatuko duen lehen sektorearen erreleboa bermatzeko neurri esanguratsuak hartzea, besteak beste: nekazaritza lur publikoak ekoizpen ekologikora bideratu; lurzoruaren artifizializazioa eteteko figurak sortzea, oro har, eta nekazaritza-interesekoak, bereziki; errelebora bidea egiteko eta erreleboa emateko bideak birpentsatu, emakume baserritarren errealitatea espresuki errebisatuz; bideragarritasun ekonomikoa eta justizia soziala bermatzeko elikagaien bidezko prezioak arautu, bereziki kontratazio eta lizitazio publikoetan.
- Ekosistema naturalen dinamikara hurbilduko den basogintza bultzatu, bizi-ziklo luzeagoko zuhaiztiak, modu arinagoan ustiatuko direnak, eta ez espezie bakarreko landaketa intentsiboak, hala nola Insignis pinuaren edo eta eukalipto-landaketak. Era berean, baso babesleak paperetik praktikara eraman, horrela lurra, ura eta beste ondare naturalak babestuz.